XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Asteko berriak. Alemaniako dirua gora finkatua

Alemaniako diruak hainitz balio zuela orok baginakien, bainan haren prezioa ez zen finkatua.

Dirudunak merkatu beltzean ari ziren, merke eros, kario sal; funtsean hainitz kondu airean zauden askorentzat.

Mundua beha zagon noiz bada mark alemana xifre garbitan baliostatuko zuten.

Ortzirale aratsean, urriaren 25-ean, nehor ere ez da harritu, radio-telebixtetarik berria entzunez, mark horren baliostatzea erabakia izan zela.

Duela zonbait egun, banka-etxetan dolarraren erosteko behar ziren lau mark; orai 3,66 aski.

Aldiz, ehun marken izaiteko 138,85 libera frantses aski baitziren, orai behar dira 151,75.

Giscard d'Estaing jaun ministroa loriatua da, baizik-eta holaxet Frantsesek ez dutela orai arte bezen-bat gauza Alemaniari erosiko eta Alemanek aise gehiago Frantziari.

Gisa hortan sal-erozpenen balantza berdinduko omen da Frantziarentzat, biziki sobera ekei ekar-arazten baitzuen kanpotik.

Agian ba! Nahiz ez den osoki segura.

Bederen mementoan badakigu xuxen zer ari giren Alemanekin negozioan ari girelarik.

Aski ez bada ere, aitor dezagun badela zerbait.

Haatik ikusi behar zer ondorio izanen duen markaren baliostatze horrek Europako laborarientzat! Hainitz ekonomixta ez daude beldurrik gabe.

Kanada-ko berri

Pierre Elliot Trudeau Ottawa-n lehen ministro sartuz geroz, bada mogimendu Kanada guzian.

Bera frantses-kulturan altxatua da, eta nahi dio segur frantsesari leku gehiago eman erresuman gaindi.

Bainan dauka, Kanada herriak kultura anglesa eta kultura frantsesa berdin atxik eta susta detzazkela batasunik barreatu gabe.

Dio ere, mintzairea eta kultura zerbait balinbadira ere, ekonomia eta politika ez direla ahantzi behar: intres horiek ezin omen ditazke begira, Kanada-ko angles eta frantsesekin baizik, xede beretarat biltzen badira batzu eta bertzeak.

Erran dezagun, denak bildu nahiz, ari dituela denak bere kontra altxatzen.

Anglesek etsaitzat daukate.

Frantsesek traidoretzat.

Bertzeak ez zaizko fida ez jakinez norat deramatzan.

Quebec-eko bere herritarrak nola errexituko dituen ez da ageri.

Somalian ere gobernu berri bat sortu

Musulmano-herriak erreboluzionerat ari dira lerratzen.

Maiatzaren 25ean Khartoum-en, buruilaren lehenean Tripoli-n bezala, urriaren 21-ean Mogadiscio-n soldado-aintzindariek gobernua hartu dute.

Somalia-ko buru zen Schermarke medikua, poliza-gizon batek hil du, eta ehortzetarik zonbait orenen buruan, armada jabetu da manamendu guziez, sarraskirik gabe.

Shermarke zena gizon abila zen.

Somalia bere gain nahi zuen osoki bere lur guziekin.

Etiopari, Kenyari eta Frantziari itzul-arazi nahi ziozkaten zonbait eremu.

Bainan bazakien herria ez zela oraino on gerlaz bere ontasunen berriz eskuratzeko.

Goait zagon, paradez baliatzekotan.

Baditake zonbait herritar ez ziren ados haren pazientziarekin eta hortako bazter-arazi duten.

Bainan nork daki ez zenetz bertzerik? Toki hoietan aise atzartzen dira mendekioa eta bekaizkeria.

Zer nahi den, Soudan eta Libia bi herri musulmanoen ondoan, huna hirugarren bat, Egyptoaren urhatseri jarraiki nahi zaiotena.

Gogoetagarri zaiku.

Liban-eko tira-birak

Liban-ean badira Paleztinako hiru ehun mila ihes-egile eta Siria hetaz baliatuz, hek armatuz, nahi lituzke Israel-en kontra basa-gerlari bezala.

Liban-eko buru den Charles Helou-k ez du holako saltsarik nahi.

Soldadoak manatu ditu jazarle hoien moltsotzeko.

Hilak eta kolpatuak izan dira.

Hastapenean Helou nahi ukan dute izitu bai Nasser-ek bai Libia-ko aintzindari berriek.

Bainan Nixon-ek jakin-arazi du Liban erresuma behar dela oso-osoa utzi.

Rusia ere oihuka hasi ez dadin arrotzik sar Libanean.

Orai iduri du nehork ez duela gerla handirik piztu gogo, Liban hortan bazterrak nahasiz.

Erran gabe doa Israel barrandan dagola auzotegi hortarik zer jaliko den.

Ez da zeri fida: zonbait aldiz supizteko txar bat aski da kartier oso baten, oihan oso baten kiskailtzeko.

Erromako biltzarra

Hamabortz egun iraun du 147 apezpikuen biltzarrak Erroman.

Oro ederki iragan dira.

Denek ezagutu dute Aita Sainduaren gehientasuna eta hunek aitortu du apezpikuekin bat egiteko premia.

Ondoko Biltzar batean apezpikuek nahi lukete aipatuak izan diten barnago danik apezen eskubide-eginbideak, sakramenduak eta herrien arteko har-emanak.

Aldi huntan bilatu dute nola apezpikuek elgar argi eta lagunt hertsiak nola elgar errespeta, nola begira leialtasun oso bat, gordeka ari izan gabe ez gain-behera, ez petik goiti.

Aita Sainduak hitzeman diote sinoda bi urtetarik bilduko dela eta idazkaritza bat izanen dela Erroman apezpikuen abisuak hartuko dituena.

Hasi bezala, othotzean bururatu da lan guzia.

Zindikatak Budapesten

Mundu guziko zindikaten federazioneak Budapesten egin du bere zazpigarren biltzarra.

Han baziren ezkertiar zindikat-buru andana bat: hainitz Ruso eta Rusoen mutil.

CGT italianoak nahiko zuen leialki mintzatzea.

Pleinitu da C.G.T. frantsesaz: baizik-eta Rusiari laket ez zaizkon gai guziez ixil-arazten zituela delegazione guziak, iduri-eta ez dela langilen alde ari, bainan Mozkuko politikarien fagoretan.